XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hormako gako batetik eskegiriko suero zorroa eta andrearen besoa lotzen zituen gomazko hodia eten zuen.

Eta andrearen besoko zainetako batean hark utziriko zuloan sartu zion orratza.

- Kitto. Hemengo guztiak baino hobeto egongo zara aurki bihotz eman gura izan zion.

Haizea bezala urrundu zen salatik, erle bat bezain arin, ahalik eta isilen.

Alboko ate batetik kaleratu zen Ayala egun hartan.

- Egun on, Don Andres agurtu zuen biharamunean atezainak.

- Egun on, Zuazo. Zer berri? ahotsaren tono lokartuaz itaunaren arrunta nabarmendu guran.

- Zaharra berri, doktorea, zaharra berri.

- Hala da, hemen sekula ez da ezer gertatzen, hildakoak ere ez dira albiste.

- Bai jauna, hala izaten da gehienetan, baina ez beti.

Gogoratzen al zara aipatu nizun emakumeaz, bigarren solairuan zegoen hartaz?

- Nor baina?

- Ez al zara gogoratzen?

Sor Elenaren koinata izandakoaren amorantea.

Atzo hil zen.

- Goian bego hasperen egin zuen Ayalak. Zer izan da?

- Bihotza. Bihotzekoak jota hil omen da.

Tamalgarria, halako emakume ederra izandakoa...!

Mezatan zegoela, ahaleginak egin behar izan zituen aspaldi sentitzen ez zuen poz moduko hura menperatu ahal izateko.

Kolkoa erretzen zion.

Zein erraza izan zen harritzen zuen gehien.

Ez zen berak uste bezain mediku kaxkarra azken batean.

Oso lan txukuna egin zuen.

Inork ezingo zuen jazorikoa susmatu, ezta mojen nagusi zen atso sorginak ere.

Harro zegoen.